Aukeran dantza konpainiak dantza ikuskizun berria estreinatuko duPintzel ukitu hunkigarriak
'Gernika, mihise gaineko dantza' estreinatuko du Aukeran konpainiak etzi, Gernikan
Zuria, beltza, gorria. Pintzel ukituak dira, argi eta dantzari jokoa agertokiaren gainean. Mihise zuria, Pablo Picassorena, eta dantza, pintzela gidatzen duen sentimendua. 1937ko bonbardaketa oroimenean, margolan ezaguna da ikuskizunaren bizkarrezurra. Sarraskian hildakoen testigantza da Gernika, mihise gaineko dantza, gernikarrentzat kontatua; bai, behintzat, estreinuan, etzi, Lizeo Antzokian. «Hasieran beldur ginen», azaldu du Edu Muruamendiaraz Aukera Dantza taldearen eta lanaren zuzendariak, «baina gogotsu gaude Gernikan dantza egiteko. Bertako jendeak bizi izan zuen bonbardaketa, eta lana gustatuko zaiela uste dugu».
Zuzendaria hunkitu egiten da ikuskizunari buruz hitz egitean, eta behin eta berriz eskertzen die dantzariei hainbeste sentimendu jorratzen dituen lanean eginiko ahalegina. «Ez dakit zenbat aldiz ikusi dudan, eta oraindik ere oilo ipurdia jartzen zait», onartu du. «Bonbardaketan hildakoek kontatzen dute historia; aurretik zer egiten zuten eta abar. Gero bonbardaketa dator, eta Gernika berriz ere nola jaio zen ondoren. Munduan herria hobekien islatzen duen ikurra Picassoren koadroa da, eta horregatik erabili dugu. Era berean, Euskal Herritik kanpo lana mugitzeko irudi ezaguna iruditu zaigu».
Oholtza gaineko hamar dantzariak Aukeran konpainiakoak dira -Muruamendiarazek ez du dantza egiten-, eta gidoia eta eszena gaineko zuzendaritza Garbi Losadarenak eta Jose Antonio Vitoriarenak dira. Lanak 14 sekuentzia ditu, eta hilerrian hasten da; lo dauden hildakoak euren historia kontatzen hasiko dira, eta, bonbardaketa gerturatu ahala, gora egiten du. «Unerik hunkigarriena hildakoen zerrenda errezitatzen dugunean da; ehundik gora izen ikasi ditugu. Etzi, ikusleren batek sendiko baten izena entzuten badu, ziur zirrara sumatuko duela. Sorozabalen hileta martxa ere erabili dugu, eta beste une garrantzitsuetako bat da».
Izenburua, baina, Picassoren margolanetik datorkio, eta estetikaz aparte nabari da. Zuzendariak koadroko bost irudi hartu ditu, eta dantzariek irudikatu egiten dituzte oholtzan, oihal elastikoen laguntzaz. «Dagoeneko buruz dakigu koadroa, irudi guztiak eta esanahiak. Historiari buelta eman nahi genion, eta margolana iruditu zitzaigun herriaren berpizkundearen eredurik onena, munduan ezagun egin baitu».
Konpainiak ohiko erregistroa ere aldatu du lan honetan. Muruamendiarazen irudiko, dantza tradizional eta garaikidearen nahasketan, konpainiaren aurreko hiru lanetan baino pisu gehiago du tradizionalak, eta bukaerak ere beste kutsu bat duela uste du. «Aukeran zarete, eta beti bezala amaiera alaia izango duzue esaten du jendeak. Bada hori aldatu egin dugu, eta jendea harritu egiten du. Erregistroa aldatu dugu, baina, ikusi dutenek esan digutenez -ekainean estreinuaren aurreko bat egin zuten Donostiako antzerki azokan-, jendea berdin hunkitzen da». Muruamendiarazek, gainera, ikuskizuna Euskal Herritik atera nahi luke, «lanak berak eskatzen duelako, eta aproposa da horretarako». Artean, baina, Villabonan oholtzaratuko dute bigarrenez, abenduan.
Iturria: Dantzan.com