domingo, 25 de octubre de 2009

Estreinaldiak

Aukeran dantza konpainiak dantza ikuskizun berria estreinatuko du

Pintzel ukitu hunkigarriak

'Gernika, mihise gaineko dantza' estreinatuko du Aukeran konpainiak etzi, Gernikan
Zuria, beltza, gorria. Pintzel ukituak dira, argi eta dantzari jokoa agertokiaren gainean. Mihise zuria, Pablo Picassorena, eta dantza, pintzela gidatzen duen sentimendua. 1937ko bonbardaketa oroimenean, margolan ezaguna da ikuskizunaren bizkarrezurra. Sarraskian hildakoen testigantza da Gernika, mihise gaineko dantza, gernikarrentzat kontatua; bai, behintzat, estreinuan, etzi, Lizeo Antzokian. «Hasieran beldur ginen», azaldu du Edu Muruamendiaraz Aukera Dantza taldearen eta lanaren zuzendariak, «baina gogotsu gaude Gernikan dantza egiteko. Bertako jendeak bizi izan zuen bonbardaketa, eta lana gustatuko zaiela uste dugu».

Zuzendaria hunkitu egiten da ikuskizunari buruz hitz egitean, eta behin eta berriz eskertzen die dantzariei hainbeste sentimendu jorratzen dituen lanean eginiko ahalegina. «Ez dakit zenbat aldiz ikusi dudan, eta oraindik ere oilo ipurdia jartzen zait», onartu du. «Bonbardaketan hildakoek kontatzen dute historia; aurretik zer egiten zuten eta abar. Gero bonbardaketa dator, eta Gernika berriz ere nola jaio zen ondoren. Munduan herria hobekien islatzen duen ikurra Picassoren koadroa da, eta horregatik erabili dugu. Era berean, Euskal Herritik kanpo lana mugitzeko irudi ezaguna iruditu zaigu».
Oholtza gaineko hamar dantzariak Aukeran konpainiakoak dira -Muruamendiarazek ez du dantza egiten-, eta gidoia eta eszena gaineko zuzendaritza Garbi Losadarenak eta Jose Antonio Vitoriarenak dira. Lanak 14 sekuentzia ditu, eta hilerrian hasten da; lo dauden hildakoak euren historia kontatzen hasiko dira, eta, bonbardaketa gerturatu ahala, gora egiten du. «Unerik hunkigarriena hildakoen zerrenda errezitatzen dugunean da; ehundik gora izen ikasi ditugu. Etzi, ikusleren batek sendiko baten izena entzuten badu, ziur zirrara sumatuko duela. Sorozabalen hileta martxa ere erabili dugu, eta beste une garrantzitsuetako bat da».
Izenburua, baina, Picassoren margolanetik datorkio, eta estetikaz aparte nabari da. Zuzendariak koadroko bost irudi hartu ditu, eta dantzariek irudikatu egiten dituzte oholtzan, oihal elastikoen laguntzaz. «Dagoeneko buruz dakigu koadroa, irudi guztiak eta esanahiak. Historiari buelta eman nahi genion, eta margolana iruditu zitzaigun herriaren berpizkundearen eredurik onena, munduan ezagun egin baitu».
Konpainiak ohiko erregistroa ere aldatu du lan honetan. Muruamendiarazen irudiko, dantza tradizional eta garaikidearen nahasketan, konpainiaren aurreko hiru lanetan baino pisu gehiago du tradizionalak, eta bukaerak ere beste kutsu bat duela uste du. «Aukeran zarete, eta beti bezala amaiera alaia izango duzue esaten du jendeak. Bada hori aldatu egin dugu, eta jendea harritu egiten du. Erregistroa aldatu dugu, baina, ikusi dutenek esan digutenez -ekainean estreinuaren aurreko bat egin zuten Donostiako antzerki azokan-, jendea berdin hunkitzen da». Muruamendiarazek, gainera, ikuskizuna Euskal Herritik atera nahi luke, «lanak berak eskatzen duelako, eta aproposa da horretarako». Artean, baina, Villabonan oholtzaratuko dute bigarrenez, abenduan.
Informazio gehiago: www.aukeran.com


Iturria: Dantzan.com

Historia

Euskal dantzak

Euskal Dantzak euskal kultura eta folklorearen osagai garrantzitsuak dira. Herri, eskualde edo lurralde batetik bestera dantzak aldatu egiten dira, baita esanahia eta dantza egiteko modua ere (jantziak, partaideak...). Dantza batzuk oso zaharrak dira, ia betidanik egin dira Euskal Herrian, baina badaude antzinako dantzen bertsio eraberrituak ere.
Euskal dantzak hain fenomeno aberatsak direnez, zaila da sailkapenen bat egitea. Ikertzaile bakoitzak bere eredua dauka; horrela,
Juan Antonio Urbeltzek aldagai morfologiko eta koreografikoak aintzat hartuta sailkatu ditu, Jose Antonio Quijerak formaren araberako sailkapena egin zuen eta Julio Caro Barojak denboran izandako bilakaeraren araberakoa.
Dantza tipologiei dagokienez, hiru eratakoak daudela esan genezake:

  • Erromeria edo plazetako dantzak. Herrietako jai eta erromerietan egiten dira, eta nahi duen guztiak parte hartzen du. Gaur egun dantza taldeek egiten dute gehienbat, baina zenbait tokitan (landa guneetan bereziki) dantza irekiak izaten jarraitzen dute.

  • Ezpata dantzak. Europako antzerako beste dantzen ezaugarri beretsuak dituzte. Ohorezko dantzak izan ohi dira, egun bereziak gogoratzeko egiten dira gehienetan.

  • Festa amaierako dantzak. Ziklo baten amaiera eta ondorengo baten hasiera antzezten dute. Adibidez, inauterietan jaia eta parranda girotik garizumako garaira pasatzea gogorarazten dute.

Dantza ezagun batzuk

Bizkaian

  • Kaxarranka
    Lekeition San Pedro egunean (ekainaren 29an) egiten da dantza hau. Arrantzaleen kofradiako morroiak beste arrantzale batzuek lepo gainean hartzen duten kaxa baten gainean egiten du dantza. Alkandora eta praka zuriak, faja gorria, lepoko gorria jazten ditu eta eskuan txistera beltz bat eta San Pedroren giltzak bordatuta dituen bandera eramaten ditu. Dantzak lau zati ditu: Herriari agurra, fandangoa, arin-arina eta azken agurra.


  • Xemeingo ezpata dantza eta Mahai ganekoa
    Markina-Xemeingo Arretxinaga auzoan irailaren 29an (San Migel eguna) dantza berezi hauek egiten dira. Eguerdiko mezaren ostean, ezpata dantza egiten da; tradizioaren arabera ongiaren eta gaizkiaren arteko borroka adierazten du. Izan ere, San Migel goiaingeruak Satanasen aurka eduki zuen borroka islatzen du.
    Gauerdian, Mahai ganeko dantza egiten da. Dantza hau
    Mendexan ere egiten da, abuztuaren 1ean. Mahai baten gainean dantza egiten dute dantzariek, Horra hor goiko abesten den bitartean.

  • Dantzari dantza
    Durangaldeko dantza da jatorriz, txistu eta danbolinaren doinuak jarraituz egiten da. Zortzi atal ditu: Zortzinangoa, Banangoa, Binangoa, Launangoa, Ezpata jokoa (txikia eta handia), makil jokoa, ikurrin dantza eta txotxongiloa.


Iturria: wikipedia